Hasiera | Ipuiak eta Kondairak | Tartaloren Kondaira


Tartaloren Kondaira



Gure arbasoengandik ahoz aho iritsi zaigun aintzineko kondairaren arabera, Tartaloak erraldoi arraza bat izan ziren. Kopetean begi bakarra zuten eta giza haragia zen haien elikagai nagusia.

Jatorriz Europa erdialdekoak ziren, baina dirudienez leku ezberdinetara sakabanatu ziren. Haietako ale batzuk ibiliz ibili, mendiz mendi, bailaraz bailara, Euskal Herrira iritsi ziren. Ez dakigu noiz gertatu zen hori edo zenbat urtez iraun zuten gure artean. Dakigun bakarra zera da, Euskal Herriko azkeneko bi Tartaloak (aita semeak) Zegamako mendian bizi zirela "Tartaletxea" izeneko kobazuloan. Ondo ondoan ukuilu bat eraiki zuten beraien artaldea gordetzeko.

Tradizioak dionez, tamaina ikaragarrikoak ziren eta bakoitzaren indarra hamar gizon indartsuen parekoa zen. Giza jaleak zirelako, inguruko jendea ikaratuta bizi zen, norberari noiz tokatuko zain.

Tartalo aita oso zahartuta zegoen eta ia ia ezin zuen begi bakarra iriki ere. Horregatik, semea zen ehiztaria edo hobeto esanda giza harrapalaria. Aitak artaldea zaindu eta sukaldeko lanak egiten zituen. Nahiz eta bildurraren menpean bizi, inor ez zen ausartzen halako piztiei aurre egiten.

Behin batean, udazkeneko egun epel batean, atzerritar bat azaldu zen paraje haietan. Ez zuen erraldoien berri eta lasai zebilen mendiaz gozatzen. Oso erraza izan zen Tartalorentzat harrapatu eta kobazulora preso eramatea. Atzerritarra harrituta zegoen. Ez zuen sekulan horrelakorik ikusi, ezta entzun ere! Bi erraldoi giza haragi jaleak!. Kobazuloko txoko batean makurtuta gorde ezinik zebilela, Tartalo zaharra sutondoan giza hankak erretzen ikusi zuen, oilaskoarenak balira bezala.

Hurrengo egunean, bi Tartaloak izugarrizko banketea prestatu zuten. Mahaian eseri eta bapo jan eta edan zuten mozkor mozkor geratu arte. Erdi zorabiatuta zeuden eta minutu batzuk barru lurrean zerraldo etzan eta seko lo gelditu ziren. -Hau da aukerarik hoberena - pentsatu zuen mutilak. - Hauek esnatu baino lehen, ez badut zerbait egiten, ni izango naiz bi hauen biharko bazkaria.

Inspirazio bila, alde guztietara begiratuz, berak ihes egin ez zezan, kobazuloaren atea harri ikaragarri batekin estalita zeukatela ohartu zen. Ukuiluko atea zen irteera bakarra, baina lehenengo erraldoiak akabatu behar zituen, bestela haren atzetik ibiliko ziren beti. Sutara begiratu eta haragia erretzeko burni luze bat ikusi zuen.

- Badakit! - argitu zitzaion urpegia. Burnia hartu eta oraindik itzali gabe zegon sutan jarri zuen gorri gorri egin arte. Kixkaltzen zegonean, Tartalo gaztearengana joan eta ZAS! begi bakarraren erdian sartu zion burnia.

Tartalo ohiuka eta karraxika hasi zen oinaze eta amorru handiz.

- Madarikatua! Harrapatuko haut! - Sutan zegoen Tartalo, baina begirik gabe ezin zuen ikusi non gordetzen zen mutil atzerritarra.

Erraldoia ez zen batere tontoa eta berehala konturatu zen haren ihes egiteko asmoz. Balantzaka balantzaka ukuiluko atera hurbildu, ireki eta erdi erdian geratu zen hanka zabalik. Ardi guztiak hara eta honera aztoratuta zebiltzan.

- Kanpora ,denok kanpora! - agindu zien Tartaloak bere hanka tartean seinalatuz - 50, 49, 48... kontatzen zituen eta hanka tartetik pasa ahala eskuekin hartu eta airean botzen zituen.

- 50 ardi ditut. Bukatzen direnean mutikoa bakarrik geldituko da eta erraz harrapatuko dut. Baina ez zuen atzerritarraren trebetasuna kontuan eduki. Hau, ikuiluan zintzilik zegoen ardilarru bat hartu, bizkar gainean jantzi eta lau hanketara ibiliz, artaldearekin nahastu zen.

Bere txanda iritsi zenean, Tartalo ardi larrua eskuetan zuela gelditu zen, ezin ulerturik. Bitartean, gure mutilak korrika ihes egin zuen herritarrei gertatutakoaren berri ematera.

- Gureak egin du! - esan zion Tartalo gazteak bere aitari. Eta halaxe izan zen. Tradizioak ez du argitzen nola hil ziren aita semeak, gosez ala jendearen eskuetan. Geroztik inguruko jendeak bake osoan bizi izan ziren eta beldurrak alde egin zuen inguru haietatik.

Honelaxe, ba, bukatu ziren Tartaloen ibilerak Euskal Herrian zehar...... ala ez?







Rafael Pikabea 50, Oiartzun
2014 © Ramon Calvo
Tel.: 943 49 25 85 / 640 080 872